IRUN. Hiriko zenbait gizarte eta auzo mugimenduk pairatu ohi dute lan egiteko prest legokeen jende gaztearen falta. Ez da hori Alde Zaharra-San Juan auzo elkarte berriaren kasua. Bere lehenengo presidente hautatu duten Jokin Babazek 25 urte beteko ditu datorren ekainean, eta bere inguruan "orokorrean jende gaztea" izango duela esaten du.
¿Zergatik eman duzu elkarte berri honen presidente izateko pausoa? Ba al zenuen aurretik gizarte edo bizilagun mugimenduekin loturarik?
Elkartea sortzeko bileran presidente izatera animatu ninduten eta onartu egin nuen. Alde batetik, elkarteari denbora dedikatu behar zaiolako, eta ni oraintxe, Zuzenbide ikasketak amaitzen ari naiz, asignatura bakarra falta zait. Badut, zentzu horretan, beste zenbaitek baino denbora libre gehiago, hala esateagatik. Bestetik, erronka polita delako eta batzordekide guztiek bezala, Irungo Alde Zaharraren alde lan egin nahi dudalako. Horregatik sortu da elkartea. Aurretik, urteetan ikasle ordezkaria izan naiz fakultatean eta baita Ikasle Kontseiluko burua. Horretaz gain, abesbatzen munduan ere banabil, Ametsa Gazten.
Zuen elkartea berria da, eta ez aurretik Alde Zaharrean zegoenaren jarraipena. Zergatik? Zenbat jendek osatu duzue batzordea?
Elkartea berria da bai, horrek dakartzan buruhauste eta tramite guztiekin. Paperak egin behar ditugu erregistroan sartzeko eta abar. Hala erabaki dugu, elkarteak Irungo Alde Zaharra osorik hartzea nahi dugulako. Hau da, askoren begietan, Urdanibia plaza eta inguruak, alde batetik, eta San Juan plaza eta inguruak, bestetik, auzo desberdinak lirateke, eta historikoki, hori ez da horrela izan inoiz. Guk osotasun hori hartu nahi dugu eta dena bat bezala hartuta lan egin. Batzordean 15 pertsona inguru sartu gara, funtsean, sorrera bilerara joan ginen guztien artetik parte hartzeko gogoak eta denbora izango genituela uste izan genuen guztiak. Nahi zuen guztiari egin zaio leku. Gehienak jende gaztea gara, 30 urteko adinaren bueltan. Kontuan izan behar da lanean ari direla ia denak eta horrek ere elkarteari dedikatu ahal zaion denbora baldintzatzen duela.
Zeintzuk dira elkartearen lehenengo pauso hauetan finkatu dituzuen helburu eta lehentasunak?
Elkartearen funtsezko helburu nagusia, Irungo Alde Zaharrari bizitza itzultzea da. Beste hiri eta herri askotako alde zaharren aurkakoa gertatzen da hemen, oso bizitza gutxi ikusten da kalean eta horri buelta eman nahi diogu. Bestetik, Alde Zaharraren zaharberritzean eta oro har hirigintza arloan ematen diren pausoak gertutik jarraitu nahi ditugu, beti ere bizilagunen kezkak jaso eta defendatuz eta aurretik aipatzen nuen biziberritze sozial eta ekonomiko horren alde egiteko. Eta hirugarren helburu bat, Irungo Alde Zaharrean auzo kontzientzia piztea izango litzateke, lehen aipatzen nuen San Juan eta Urdanibia arteko bereizketa hori alde batera utzi eta osotasunari begira lan egiteko.
Urdanibia plazaz ari garela, egun hauetan zabalik dago Menchu Gal aretoan Alde Zaharreko leku esanguratsu honen zaharberritzerako proiektuari buruzko erakusketa. Zer iritzi duzue elkartetik? Zein ekarpen egitea pentsatzen duzue?
Niri pertsonalki asko gustatu zait Udalak mahai gainean jarri duen proiektua, ondo dagoela uste dut. Elkartearen senean eta bizilagunen artean, badakit badaudela eztabaida sortzen duten zenbait gauza, aparkalekuen kentzea adibidez. Zentzu horretan zein beste zenbait gaietan Udalari zein ekarpen aurkeztea erabakitzeko, aste honetan bilduko gara elkarteko kideak. Hala ere, balorazio orokorra egiteko, Urdanibia plazaren proiektua egokia dela esango nuke eta zuzenketa txiki horiek egin ahal izatea espero dugula. Bada ordua plaza hau berritzeko eta pozik gaude bizilagunak zein seguru irundar guztiak.
Egoitzarik bal al duzue? Nola jarri liteke jendea zuekin harremanetan? Ekintzak antolatzeko asmoa buruan duzue ala goizegi da oraindik?
Laster eseriko gara Udalarekin egoitzari buru hitz egitera. Ikastaroak eta bestelakoak antolatzeko asmoa dugu, gure hiru helburuak uztartzen dituztelako: auzoari bizi-tza ematea, elkartea ezagutzera ematea eta auzo kontzientzia bultzatzea. Egoitza daukagunean ikusiko dugu zer eta nola egin. Bitartean, gurekin harremanetan jartzeko,
Esta dirección electrónica esta protegida contra spam bots. Necesita activar JavaScript para visualizarla
helbidera idatzi ahal du nahi duenak.
LAS CLAVES
"Urdanibia plaza berritzeko proiektua ondo dago, baina aparkalekuak kentzeak kezkatzen gaitu"
· Zure Gipuzkoako txoko preziatuena: Irungo Urdanibia plaza asko gustatzen zait. Gaur egun beharko lukeen itxura ez badu ere, oso maitea dut, beste irundar askok bezala.
· Mendi bat: Asko gustatzen zait Arantzazura joatea eta hango inguruetan ibiltzea.
· Hondartza bat: Hendaiakoa. Oso hondartzazalea ez banaiz ere, luzea, ondo zaindua eta polita da. Donostiakoak zein Hondarribikoa ere antzekoak dira, zentzu berdinean.
· Paisaia bat: Itsasora begira dagoen edozein puntu. Itsasoa asko gustatzen zait.
· Jai bat: Irungo Sanmartzialak ez esatearren, Tolosako Inauteriak aukeratuko nituzke. Aspaldian ez naiz izan, baina joan izan naizen aldi guztien oroitzapen politak dauzkat
.