Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
"Zuk nola bizi duzu Korrika?" PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 15 de Marzo de 2024 00:04

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 14 de Marzo de 2024.

"Zuk nola bizi duzu Korrika?"

Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko udalerrietako aurpegi ezagun banak bere testigantza eman dute, Korrika nola bizi duten azalduz.

Nola bizi duzu Korrika?

Ander Elosegi. Irun. “Euskaldunon altxortxoa da euskara”

zuk nola bizi duzu korrikaNik ezin izan dut aspaldian parte hartu, beti tokatu zait kanpoan egotea. Hala ere, beti da hunkigarria ikustea herri oso bat nola mobilizatu den modu honetan, herritik bertatik jaio den iniziatiba honekin.
Euskaldunon altxortxoa da euskara eta honelako ekintzek erakusten dute oraindik oso bizirik dagoela, nahiz eta, hark zioen bezala, batzuetan oso nekeza den euskaldun izatea. Aldarrikapenaz gain ospakizun handia da Korrika. Aurten irundarrontzako edizio berezia da gainera, bertatik aterako baita. Bertan egongo gara denak.

Urko Iridoy. Hondarribia. “Orain gazteoi tokatzen zaigu euskararen lekukoa jaso eta eramatea”

zuk nola bizi duzu korrikaEz dut gogoratzen parte hartu ez dudan Korrikarik. Betidanik hartu izan dut aireportua aldean, eta herriari itzulia eman ondoren, bertan utzi berriro ere. Azkarra da Hondarribian ematen duen itzulia, baina denbora eta kilometro nahiko dira lagunekin batera momentuaz gozatzeko. Momentu berezi eta bakarra da.
Festa sortzen du Korrikak, furgonetak dioen bezala «euskararen aldeko» festa. Ezin dut ahaztu 2022ko apirilaren 9a, non igandeko 02:00tan iritsi zen Korrika Hondarribira, eta hori aprobetxatuz, larunbat gauean, kontzertuak antolatu zituzten Kasino Zaharrean. Ezta Alamedan Korrika txalapartaren doinuekin jasotzen zenekoa ere. Milaka eskuetatik pasa da lekukoa, baina orain, guri tokatzen zaigu, gazteei, euskararen lekukoa jaso eta harrotasunez eramatea. Horregatik, Korrikak hazten jarraitu behar du, eta «euskararen alde» korrika egiten dugun moduan «euskararen alde» bizi beharko genuke ere.

Ilargi Arrizabalaga. Lezo. “Falta diren egunak kontatzen ditut, beti nago noiz iritsiko zain”

zuk nola bizi duzu korrikaKorrika bada zerbait oso berezia niretzako. Korrikarako falta diren egunak kontatzen ditut beti, beti nago noiz iritsiko zain. Txikitan banekien aldarrikapenen bat egiten zela Korrikan, zerbait bazegoela, baina kontzientzia politikoa hartu nuenetik badakit oso beharrezkoa eta garrantzitsua dela euskararentzat, are gehiago hizkuntzaren egoera ikusita.
Txikitako oroitzapen politak ditut. Amarekin jaitsi nintzen Lezotik gauez pasatu zen batean, eta Oreretaraino iritsi ginen. Ez zuen sakelako telefonorik hartu eta orduan ez zegoen Whatsappik. Niretzako gau batean ateratzea kristoren abentura izan zen, korri egitera ateratzea.
Lezotik Oreretarako zentzuan baldin bada, Lezon harrapatu eta haraino joaten naiz. Alderantziz bada, Oreretan hasten naiz, eta Lezon gelditu. Bi herrietan bizitzea gustuko dut; Lezokoa naiz, baina familia eta kuadrilla Oreretan ditut, eta bi herrien artean ibiltzen naiz.

Iker Vidal. Pasaia. “Hotzean pentsatuta, erokeria kolektibo zoragarria da Korrika”

zuk nola bizi duzu korrikaKorrika oso gauza berezia da, hunkigarria. Euskara aldarrikatzeko eta gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia pizteko Euskal Herrian egiten den festa edo manifestazio jendetsuena da Korrika. 10 egunez eta gelditu gabe, adin guztietako milaka eta milaka herritarrek korrika parte hartzen dute. Irakurri nuen hunkigarria dela pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala.
Hotzean pentsatuta, erokeria kolektibo zoragarri bat da Korrika. Dena den, nahiago genuke korrika ibili beharrik ez izatea. Horrek esan nahiko luke euskararen ezagutza eta erabilera normalizatuta egongo liratekeela, baina errealitatea ez da hori.
Antxon lagunekin parte hartzea gustatzen zait. Zein ordutan pasako den eta kontrolatuta edukitzea gustuko dut parte hartzeko. Bukaerako festara gerturatzea ere gustatzen zait, aukera badut. Azkena Donostian bukatu zen, eta zoragarria izan zen.

Jone Arruti. Errenteria-Orereta. “Euskara galtzea kezkatzen gaituenak indarberritzen gaitu”

zuk nola bizi duzu korrikaSaiatzen naiz, pasatzen den momentuan, ateratzen, batez ere udaletxe inguruan. Bai ala bai atera behar naiz. Korrikan indar bat dabil, Xabier Amurizaren bertsoen esaldiak zioen moduan, eta indar hori transmititu egiten du.
Ez dakit jendeak zein punturaino jakingo duen Korrika zer den, baina bai lortzen du jende guztia indar horretara batzea. Eta aurretik, Korrika Kulturala dago; asko nabaritzen da hori. AEK-koen lan militante hori gabe ez dago horrelako zerbait ateratzerik. Euskara ez dago toki guztietan berdin, baina Korrikak lotzen gaitu denok. Euskara galtzeak hainbeste kezkatzen gaituenok indarberritu egiten gaitu. Nazio bat garela transmititzen duen egitura gutxietakoa da. Izugarria da ikustea jendeak nola egiten duen bat. Orain dela urte batzuekin alderatuta ezberdin ikusten dut. Kanpotik etorritako jendea asko lotzen da horretara, euskara ikasten ari direnak, polita da.

Izaskun Madariaga. Oiartzun. “Kultura-sormen iraultza bat ematen da ekitaldi bakoitzean”

zuk nola bizi duzu korrika76 urte ditut eta modu batera edo bestera Korrika guztiak bizitu ditut, bidean nahiz helmugan. Ez dut ezer berezirik esango Korrikak zirrara, miresmena, harrotasuna edo konpromisoa suposatzen dizkidala esaterakoan. Euskaraz bizi nahi dugunon arrimoan aurrera egiteko indarra ematen duen ekintza bat da. Kultura-sormen iraultza bat ematen da ekitaldi bakoitzean, urtez urte euskal kulturaren altxorra gehituz.
Duela bi urteko ekitaldia berezia izan zen, zuzenean jarraitzeko aukera izan genuelako, eta horrek areagotu zuen dena. Gure inguruan jende uholdea biltzen gara eta zirraragarria da. Baina hori ezin da konparatu elurretan eta eremu isolatuen barrena gauez korrika ikusi genituenen ahaleginekin eta furgonetakoen animoekin jende heroi haiek bultzaka. Buf! Oraindik ere hunkitzen naiz. Ezin dut deus aurreratu, baina aurtengo edizioa niretzat oso berezia izango dela esan dezaket.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting