Bueltan da Txinzerren Bidasos 2030 kanpaina eta gaurtik ekainaren 15era egongo da martxan. Oraingoan, Santiago, Beraun, Dunboa, Alde Zaharra, Arbes eta Meaka auzoetako 2.652 etxebizitza eta 246 saltoki bisitatuko dituzte ingurumen hezitzaileek.
Kanpainarekin “emaitza positiboak” lortu dituztela baieztatu du Txinzerrek. Helburua, 2030erako birziklatze tasa %70era igota egotea da, eta 2022an atzeraka izan ondoren, Bidasos estrategiari esker birziklatze tasa bi puntu handitzea lortu zen kanpainarekin, %54tik %56ra. Gaur egun, edukiontzi marroiari dagokion partaidetza tasa %58,54koa da.
Txinzerrek oroitu du Irungo Katea eta Erdigunea auzoetan, eta Hondarribiko Amute, Kosta eta Mendelu auzoetan hasi zirela kanpainarekin eta aurrerapen nabarmenak igarri direla auzo horietan. Izan ere, kanpainaren hastapenetan %55ek erabiltzen zuen edukiontzi marroia, eta kanpainaren ondoren, aldiz, %70ek baino gehiagok.
Gogoratu behar da edukiontzi marroian izena eman eta erabilera egokia egiten duten herritarrek haien tarifetan batez beste 103,27 euro aurrezten dituztela.
Auzo hauetan kanpaina bukatzen denean, uda ondoren, Irungo Behobiara, Bidasoara, Artiara, Larreaundira eta Olaberriara auzoetara, eta Hondarribiko Alde Zaharrera eta Portura gerturatuko da.
Ingurumen hezitzaileen lanaz gain, bulego ibiltari bat jarriko dute Jenaro Etxeandia plazan, gaurtik maiatzaren 29ra bitartean, astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara. Gero, maiatzaren 29tik ekainaren 15era Uztapide Bertsolariaren kalera lekualdatuko dute.
Bulego ibiltarian birziklatzearen garrantzia nabarmentzeaz gain, edukiontzi marroia irekitzeko txartelak banatuko dira, baita ere etxerako ontziak eta poltsa konpostagarriak.