Telefono kabinak, liburu egarri Imprimir
Escrito por Administrator   
Sábado, 16 de Marzo de 2024 00:10

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 15 de Marzo de 2024.

Telefono kabinak, liburu egarri

Udalak gaur ireki ditu Arizmendi almirantearen kaleko eta Santiago kaleko liburutegi libreak. Orotara, sei instalazio gaitu ditu udalak liburuak trukatzeko.

Arizmendi almirantea kaleko telefono kabina.

Iazko abuztuan kabinak lagatzeko hitzarmen bat sinatu zuten Irungo Udalak eta Telefonicak, eta ordutik, erabiltzen ez ziren kabinetako batzuei bigarren bizitza bat eman die udalak. Kabina horiek liburuak trukatzeko gune gisa gaitu dituzte.

Otsailean inauguratu zuten liburuak trukatzeko prestatu duten lehen telefono kabina, Altzukaitz eta Uztapide bertsolaria kaleen artean kokatua dagoena. Gaur, beste bi gehitu zaizkio lehenari: Arizmendi almirantearen kalean dagoena, Mendibil merkataritza gunearen ondoan, eta Santiago kalean dagoena. Bi liburutegi libreak prest daude herritarrek erabil ditzaten, “liburu bat hartu eta beste bat uztearen” premisari helduta.

Hiru kabina horiek hiriko liburutegi libreen sarean txertatu dituzte, eta orotara, sei dira Irungo kaleetan aurki daitezkeen instalazioak. Gainontzeko liburutegiak San Juan plazan, Behobian eta Oinaurren daude kokatuta.

Egitasmoaren helburua da irakurzaletasuna sustatzea. Horrez gain, Irungo Udalak “jasangarritasunaren aldeko konpromisoa” indartu duela adierazi du, “bestelako erabilera bat” ematen baitzaie dagoeneko “erabilerarik ez duten hiriko elementu batzuei”.