Haurren babesgabetasun egoerak detektatzeko udal langileak trebatzen ari dira Imprimir
Escrito por Administrator   
Martes, 20 de Febrero de 2024 22:35

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 20 de Febrero de 2024.

Haurren babesgabetasun egoerak detektatzeko udal langileak trebatzen ari dira

Haur eta gazteekin lan egiten duten udal langileak ari dira trebatzen. Bina saio jasoko dituzte detekzioa eta jakinarazpenak hobetzeko.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloa adingabeekin diharduten langileak trebatzen ari da, haurren babesgabetasun egoerak aurretik detektatzeko. Programa horren berri gaur eman du Nuria Alzaga ordezkariak. “Profesionalen etengabeko prestakuntzak haur eta nerabeentzako zerbitzu eta programen kalitatea hobetzea dakar”.

Udaltzaingoko langileak nahiz kirol, hezkuntza eta osasun arloetako teknikariak parte hartzen ari dira programan. Trebakuntza zuzendaria Leire Migez psikologoa da, haurren babesgabetasun egoeretan aditua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurrak Babesteko Zerbitzu Espezializatuko haur eta nerabeen gaietarako eskualdeko taldeetan ibilbide luzekoa.

Saio teoriko eta praktikoak otsailetik maiatzera bitartean egingo dira, parte hartzaileei haur eta nerabeak babesteko oinarrizko tresna eta bereizgarriak emateko. Era horretan, detekzioa hobetu nahi dute bai eta jakinarazpena. Helburua, parte hartzen duten profesionalek beren ezaupideak bateratzea ere bada, haurrak babesteko arloen laguntza sarea sortzeko.

Trebakuntza jasotzen lehenak Udaltzaingoko kideak eta Ertzaintzako hamabost kide izan dira, baita Gazteria Arloko lankideak ere. Azken hauen kasuan ia plantilla osoak hartu du parte, bai udal teknikariek eta gaztelekuetako eta haurtxokoetako profesionalek ere.

Hurrengoak formakuntza jasotzen kirol arloko langileak, eskola kiroleko begiraleak eta adingabeekin lan egiten duten kirol taldeetako profesionalak izango dira, hilaren 21etik 28ra. Sei saiotara joango dira, berriz, ikastetxeetako langileak (Haurtzaindegiak, LH, DBH, Batxiller eta Lanbide Heziketa). Hauen kasuan formakuntza otsailean eta martxoan izango da.

Azkeni, apiril eta maiatzerako, osasun arloko langileentzako ikastaroak egingo dituzte ere. Osakidetzako gizarte langileei, pediatrei, haurrentzako psikiatria taldetako profesionalei eta 14 urtetik beherako adingabeekin lan egiten duten familia medikuei zuzendutakoa izango da.

Hiruna orduko bi saio egingo dituzte parte hartzaileek, goiz nahiz arratsaldez, euskaraz edo gaztelaniaz. Landuko dituzten gaien artean, lehenbiziko saioan, legedia eta udal eta foru baliabideak izango dituzte hizpide: haurren eskubideak eta egungo legedia; gizarte zerbitzuen mapa; haur eta nerabeen oinarrizko beharrak; tratu ona; eta gurasoak, aldaketaren eragile.

Bigarren saioan haur eta nerabeen balizko arrisku eta babesgabetasun egoeren detekzio eta jakinarazpena eta esku hartzeko jarraibideez arituko dira: Balora erremintaren  laburpena; babesgabetasun egoera motak; jakinarazpenak barnean hartu beharreko oinarrizko kontzeptuak; eta kasu praktikoak.

Formakuntza honek trebakuntza ebaluatzeko balioko duela ere azaldu du udalak. Horrez gain, psikologoak parte hartzaileek zalantzak argitzen ari da ere. Oraingoz trebakuntza jaso dutenek, poliziek, “oso balorazio” ona egin dute horrena.