Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
"Beti saiatu gara gazteengana hurbiltzen" PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 04 de Diciembre de 2020 12:58

Noticia publicada en Bidasokoa HITZA,el martes día 1 de Diciembre de 2020.

OIHANA LLORENTE, PAREAN ELKARTEKO KIDEA

"Beti saiatu gara gazteengana hurbiltzen"

Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren seigarren edizioa abian da, jada lanak aurkez daitezke. Oihana Llorentek egitasmoa zertan den azaldu du, elkarrizketan.

Oihana Llorente.

Aurtengo edizioarekin zer bilatzen duzue?
Aurtengo edizioarekin eta guztiekin helburu bera dugu. Indarkeria matxistaren aurkako lehiaketa da, duela 7 urte hasi zena, eta nahi dena da jendea paper aurrean jartzea eta hausnartzea problematika honen inguruan. Berez, hori da egitasmoa. Urtero aldatzen dugu leloa eta keinu egiten diogu gaurkotasunezko gaiei, adibidez, La Manada kasua gertatu zenean keinu egin genion horri. Aurten, keinu egin nahi izan diogu. Irunen hasi zelako. Euskal Herriko Mundu Martxari, mugen eta zubien irakurketarekin. Guk ere keinu egin nahi izan diogu eta zubi ere izan nahi dugu. Azken batean, emakumeok diskriminazio mota izugarriak jasaten ditugu, eta bazterketa gehiago batzen zaizkigu emakume izateaz gain, segun eta non jaio garen, non bizi garen, zein arraza dugun.. Hori bildu nahi izan dugu eta testuinguratu.

Ausartak ez, askeak leloarekin Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxari keinu egin diozue aurtengo edizioan. Zuek ere zubi izan nahi duzue.
Zubia egin nahi dugu hausnarketatik errealitatera salto egiteko. Azkenean guk nahi duguna da jendeak honen inguruan pentsatzea,hausnartzea eta animatzea gai honen inguruan idaztera. Ipuin lehiaketa duela 7 urte sortu zenean, berez, mugimendu askoz anitzagoa zegoen, eskualde mailan garai horretan Txingudi Antisexista sortu zen eta bertan biltzen ziren 30 bat eragile. Plataforma horrek egiten zuena zen, eskualdean eraso bat gertatzen zen bakoitzean protokoloa aktibatu eta kontzentrazioa egiten zen 24 ordutara. Bereziki, Euskal Herriko Mundu Martxak zeukan protokoloa zen, baina guk Bidasora ekarri genuen. Orduan, sindikatuen, auzo elkarteen eta bestelako askoren babesa lortu genuen. Une hartan ohartu ginen ezin ginela beste eraso baten zain egon, eta hori dela eta asmatu genuen tresna hau. Pausu bat eman eta aurrera egiteko, protestatik praktikara igarotzeko. Baita kontzientziatzeko ere. Zubia ikuspegi horretatik irudikatzen dugu.

Zein eragin uste duzu izango duela aurtengo gaiak lehiaketan? Eta Berritzegunearekin elkarlanean aritzeak zertan du eragina?
Gazteak ditugu jo muga, guretzako indarkeria matxistaren kontrako borroka eskoletan hasi behar delako eta beti saiatu gara gazteengana hurbiltzen. Horregatik, duela 3 urte jarri genuen gazte kategoria martxan. Hasiera batean 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua zegoen, gerora bi urte jaitsi genuen adina, pixka bat gazteagoengana iristeko. Ondoren ikusi genuen gai honen gainean idaztea zaila izan zitekeela 10 urteko haur batentzat, eta beno, lortu ditugu ipuin asko, baina ez nahi genituen bezainbeste. Ohartu ginen eskoletara iritsi behar ginela eta gertatzen dena da eskolei denetik eskatzen zaiela, indarkeriaren kontra egitea, ingurumenaren alde egitea… Eta irakasleek ere ezin diote denari aurre egin. Orduan, Irungo Berritzegunearekin jarri ginen harremanetan beraiek badutelako Berdintasunean amets egitasmoa. Duela hiru urte jarri zuten martxan, eta beraiek jada lan hori egiten dute eskolekin eta irakasleekin zuzenean. Beraz, pentsatu genuen ikastetxeei exijitzea beste lan bat garai berdinean: zergatik ez ditugu indarrak batzen eta horrelako kohesio bat bilatzen? Eta hori da egin duguna. Espero duguna da beste freskotasun bat ematea ikasleak animatzeko, jende famatuaren atxikimendua bilatzen. Esate baterako, bideo bat egin nahi dugu sustatzeko beraien parte hartzea, eta beno, indarrak batu bide horretan.

Zein balorazio egiten duzue aurreko urteetako edizioetaz?
Balorazio oso ona egiten dugu, hastapenetatik. Hasieran azaldu dudan bezala, Txingudi Antisexistatik atera zen proiektu hau, gerora sortu zen elkarte bat, bidean topatu dugun jendea elkartu egin da, aurten hamabi epaile dauzkagu eta urteetan zehar 25 bat emakume egon dira epaile lanak txandakatzen. Beti laguntzeko prest egon da jendea, borondatez, izugarrizko lana egiten. Sari banaketa egiten dugunean ere eskualdeko komunikabideetan aritzen direnei eskatzen diegu ipuinak irakurtzeko, hau da, dena laguntzak izan dira. Erraza eta oso polita izan da bidea.

Parte hartzea lehen ediziotik izugarria izan da, nahiz eta lehenengo urteetan gutxiagok eman zuten izena. Oinarriak sortzerako garaian, auskalo nondik hartu genituen beste oinarri batzuk eta ipuinak paperean bakarrik jasotzen genituen, ez posta elektronikoz. Dena eskaneatu epaileei eramateko… eromena izan zen! Hala ere, asko izan ziren parte hartzaileak. Gerora, izugarri hazi da. Iaz 350 ipuin aurkeztu ziren gutxi gorabehera, asko-asko da. Gehienak gazteleraz eta munduko txoko askotatik jasotzen ditugu. Hego Amerikatik pila bat iristen dira.

Lan handia egiten dugu Internet bidez lehiaketa zabaltzen, sare sozialen bidez, ipuinak bidaltzen badizkigute idazleen kontaktua gordetzen dugu eta hurrengo urtean deialdia bidaltzen dugu. Lan horrekin asko lortu dugu. Gazteleraz ipuin asko jaso ditugu, eta euskaraz ez horrenbeste, tamalez. Ez dira emaitza txarrak, baina guk nahi dugu tematu euskaraz sortzera, bertako ipuinak nahi ditugulako eta euskaraz. Bereziki, gazteenak nahi ditugu.

Ipuinak jasota edukitzeko liburu bilduma ilustratua egin zenuten.
Emaitza oso positiboa izan da, hain ipuin politak eta izugarriak jaso ditugu! Baina hortxe geratzen ari ziren. Sari banaketan irakurtzen ditugu garaileak baina momentuko irakurmenean geratzen dira. Bi proiektu egin genituen honi lotuta: lehenengo bi edizioetako ipuinekin liburu bilduma ilustratua egin genuen. Hamahiru ipuin aukeratu genituen euskaraz eta gazteleraz, eta eskualdeko hamahiru ilustratzaileekin aritu ginen, bakoitzari ipuin bat esleitu genion eta ilustratu egin zuen bakoitzak ipuinetako bat. Liburu hau atera genuen, pena ematen zigulako genituen altxor hauek gordeta edukitzea, eta bidea eman nahi genien. Lehenengo bi edizioekin hori egin genuen eta gero, hirugarren eta laugarren edizioko kontakizunak podcast musikatuak bihurtu genituen. Gure web orrian daude entzungai.


Aurten, Eguzkitza ikastetxeko liburutegiko liburuen genero azterketa egiten ari gara. Erabiltzen ditugun bitartekoek asko eragiten dute umeen imajinarioan. Aldi berean, Iruñeko Katakrak argitaletxearekin gomendatutako liburuen gida bat egiten ari gara.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting