Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
[Erreportajea] Elkar hobe, ezagutu dira PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 04 de Diciembre de 2020 12:53

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el viernes día 4 de Diciembre de 2020.

[Erreportajea] Elkar hobe, ezagutu dira

Barrura begira dabiltza lanean Lakaxitan eta Oreretako gaztetxean. Bertan sartu diren generazio berriek, egoerak mugak ezarri dizkien arren, espazioek irekita egon behar dutela argi dute.

Irungo Lakaxita gaztetxea.

Bada gaztetxeen etorkizuna kinka larrian dagoela pentsatuko duenik. Oreretako eta Irungo gaztetxeetako militanteek argi daukate bizirik daudela, eta bizirik jarraituko dutela.

Bi gaztetxeetako asanbladetako kide diren Ane Beltran, Aitor Sagas eta Garazi Sistiagak elkarren arteko solasaldia eduki dute, espazio horien orainaz pandemia garaian eta estrategiez.

Oreretako Gazte Asanbladak argi zuen gaztetxeak irekita jarraitu behar zuela, «erabilera politikorako edo kulturalerako», beti ere osasun neurriak kontutan hartuta. Lehentasuna eman diote irekitzerako garaian aipatutako bi erabilera horiei. «Zentzu horretan ari gara lanean», azaldu du Sagasek. Lakaxitak norabide berdina duela azaldu du Sistiagak, «gaztetxe eta komunitate bezala indartzen ari gara». Bi gaztetxeetan lantalde ezberdinak dituzte, adibidez, lore zaintzarena, kulturala, aisiakoa… Eraikinaren azpiegituran lanean aritzeko eta barne egiturak martxan jarraitzeko daude antolatuta.

Bestalde, Lakaxita kokatuta dagoen auzoko bizilagunen imaginario kolektiboan eragiteko lanetan dabiltzala esplikatu du Sistiagak. San Migel auzoarekin elkarlanean aritu dira urteetan zehar, eta auzokideek espazioaren zein irudi duten jaso zuten duela bi urte. «Drogazaleen lekua», dela uste zuten bizilagunek, eta geroztik, barne lanketaren barruan dute ideia hau eraldatzea.

San Migeleko bizilagunen babesa lortzeko edo auzotarrekin sare bat egiteko zailtasunak aurkitu dituztela aditzera eman du Sistiagak, «zaila delako ekintzak egitea kalera begira».

Generazio berriak
Bai Lakaxitan bai Oreretako gaztetxean generazio berriak «ilusio handiz» sartu berri direla aitortu dute, baina itxialdiak aldaketaren erdian harrapatu dituela adierazi dute, amorruz.

Talde gisa, hala ere, itxialdiak eragin positiboa izan duela uste dute, «elkar ezagutzen gehiago lagundu digu», dio Sagasek. Zirkulu itxi bat osatu dutela esplikatu dute, osasun neurriek ere horretara bultzatu baitituzte. Harremantzeko modu honek, elkar ezagutza garatu duela adierazi dute. «Gure barneko kohesioa eta haiekiko ezagutza eta harremana asko hobetu da», dio Lakaxitako kideak.

Generazio aldaketaren balorazio positiboa egin du Beltranek. Bere hitzetan, urte askotan saiatu dira generazio berriak erakartzen: «Aurreko aldietan ez dugu zaintza behar bezala landu, behar bezala egin eta hortaz ez dugu aldaketa behar bezala gauzatu».

Ondorioztatu dute, zorionez edo zorigaitzez, koronabirusak eragindako pandemia egoerak generazio aldaketa osasuntsu bat egitera eta jende bat aktibo egotera bultzatu duela. Egoerara moldatzen ikasi dutela ziur esan dute horrenbestez gazteek: «Beste era batera antolatu behar gara».

Erritmoa mantentzea gakoa dela du iritzi Sagasek, gaztetxetik ez deskonektatzeko.

Autodefentsa ekonomikoa
Bi gaztetxeek bat egiten dute esaterakoan diru iturririk gabe geratu direla, hala ere, autogestioan sinesten dutela diote, eta horri esker bizirauten dute.

Lakaxitak, gainera, hilabete batean hiru lapurreta jasan ditu. Indarrez sartu dira bertara. «Atzera pausu ekonomiko handia» eragin diela horrek esan du Sistiagak. Hala ere, gogotsu aurrera ekiteko arrazoirik ez zaiela falta argi dute.

Sustengu ekonomikoari dagokionez, Lakaxitatik aurreratu dute datorren urteko egutegia prestatzen ari direla, eta Oreretako Gazte Asanbladako kideek, berriz, Izorrai! aldizkaria argitaratu dute borondatearen truke. Ez daude geldirik.

Oreretatarrak kultur elkarte bezala daude izena emanda udal erregistroan, beraz, udal diru laguntzak jasotzeko aukera daukatela azaldu dute, nahiz eta eztabaidak eragiten dituen finantzatzeko era honek euren artean. Diotenez, autogestioan sinesten dute: «Gure kabuz nahi dugu lortu dirua behar denerako».

Sistiaga iritzi berberekoa da, nahiz eta nabarmendu duen Lakaxitaren aukera sozioekonomikoak mugatuagoak daudela. Ez dute diru laguntza publikoa jasotzeko modurik. Irungo Udalak gaztetxearen lur eremua saldu zuela esan du Sistiagak, bertan eraiki ahal izateko. Hortaz, udalarekin borrokan daudela adierazi du. «Beti izan gara Irungo ardi beltzak zentzu horretan».

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting